22340
home,page-template,page-template-full_width,page-template-full_width-php,page,page-id-22340,qi-blocks-1.3.4,qodef-gutenberg--touch,stockholm-core-2.4,qodef-qi--touch,qi-addons-for-elementor-1.8.1,select-theme-ver-9.6,ajax_fade,page_not_loaded,vertical_menu_enabled,no_animation_on_touch,,qode_menu_,qode-mobile-logo-set,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.13.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-7
AURKEZPENA

Alonsotegiko Hapo Berria

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) udalaren hirigintza-plangintzarako tresna da, eta, funtsean eta eginkizun nagusi gisa, udalerri bateko lursailetan zein jarduera-mota ezar daitekeen ezartzen du.

 

Esate baterako, HAPO batek lege-ahalmena du bizitegi-erabilerak (etxebizitzak) non kokatuko diren, ekoizpen-erabilerak non (industria), nekazaritza-lurrak eta abar non jarriko diren antolatzeko. Planak, beraz, udalerri bateko lursail guzti-guztiak aztertu behar ditu, eta lursail bakoitzerako baimendutako edo debekatutako jarduerak edo erabilerak zeintzuk diren ezarri.

 

Gaur egun Alonsotegin indarrean dagoen hirigintza-plangintza orokorrak 25 urte baino gehiago ditu. Hori dela eta, Alonsotegiko Udalak abian jarri du berrikusteko prozesua. Helburua da datozen urteetarako nahi dugun herri eredua diseinatzea, herritarren ongizatean, hazkunde ekonomikoan eta ingurumen jasangarritasunean dauden behar eta aurrerapenei eraginkortasunez erantzun ahal izateko.

 

Helburu errealistak ezarriko dira, egungo hirigintzari begira, hau da, eredu iraunkorra, birsortzailea eta errehabilitatzailea. Energia-eraginkortasunean, osasunean eta baliabide naturalen aprobetxamendu iraunkorrean zentratu beharko da. Bere ondarea – naturala, landatarra eta hirikoa – nortasun eta memoria kolektiboaren berme gisa balioan jarriko duen herria; eta herri inklusiboa, gizalegea sustatzen duena, eta beraz, genero-ikuspegiari zeregin garrantzitsua ematen diona.

 

Alonsotegiko Udaletik herritarrak gure udalerriaren hiri- eta lurralde-eraketan funtsezko elementu bihurtzea nahi dugu, eta modu aktiboan parte hartzea hura definitzen, etorkizuneko erronketara egokitzeko.

 

Horretarako, ezinbestekoa da prozesuaren hasieratik herritarren iritziak eta sinesmenak jasotzea. Beraz, zure ideiak eta ilusioak aurkeztera gonbidatzen zaitugu, orrialde honetan dauden dokumentuak osatzen eta aberasten laguntzeko eta programatutako tailerretan aktiboki parte hartzeko.

UNAI ARREGI GARDOKI

Alonsotegiko Alkatea

Faseak

1. FASEA
HERRITARREK PARTE-HARTZEKO PROGRAMA ETA HASIERAKO AKORDIOA

Herritarren Parte-hartzerako eta Informazio Publikorako proposamena honako helburu hauek lortzeko eratu da, guztiak EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 6. helburuarekin bat datozenak:

 

  • Plan Orokor berriaren azterketa eta idazketa prozesua jakinaraztea eta ezagutaraztea, dagozkion fase bakoitzean.
  • Herritarrek Plan berriari eta horren idazketa prozesuari buruzko informazioa eskatzeko duten eskubidea erraztea hizkera ulergarria erabiliz. Horrela, tokiko gizarteko sektore bat ere ez da ulermenetik kanpo geratuko.
  • Alonsotegin antolamendu jasangarria eta onura komuna bultzatuko duten eztabaida publikoak irekitzea, gai interesgarriak saihestu gabe eta ahalik eta sentsibilitate gehien biltzen saiatuz.
  • Eduki teknikoak aberastea eta Plan Orokorraren helburuekin bat datozen planteamenduak txertatzea, betiere herritarren ikuspuntua jorratuz eta zeharka hartuz; sexua, hizkuntza, kontsumitzeko gaitasuna, adina edo beste faktore batzuk direla-eta inolako bazterketarik egin gabe.
  • Prozesua bera herri dinamika eta gobernu agintea elikatzeko modu bihurtzea.

 

Era berean, Parte-Hartze Eskuliburu bat dute eskuragarri, eta bertan, horren inguruan egon daitekeen zalantzak azaltzen dira. Plan Orokorraren prozesu osoan zehar kontsultatu ahal izango dugu.

 

Gainera, parte hartze postontzi bat dute, euren iritziak emateko edo informazioa eskatzeko. Abisuak jaso ditzaten, interesatu gisa idaztea, eta Plan Orokorreko informazioa zabaltzeko zerrendetan sartzeko eskaera egitea gomendatzen dizugu.

HIRITARREN PARTE-HARTZE PROGRAMA
PARTE-HARTZEKO ESKULIBURUA
AURRETIKO TXOSTENA
2. FASEA
HIRIGINTZA-INFORMAZIOA ETA PLAN OROKORREAN DUEN ERAGINA

Fase honetan, iturri ofizialetatik jasotako informazioa eta herritarrek egindako lehen kontsulta konbinatzen dira. Honen bidez, proposamenen aurretik diagnostiko partekatu bat lortzea du helburu.

 

 

Gainera, parte hartze postontzi bat dute, euren iritziak emateko eta informazioa eskatzeko.

 

 

“Iritzi-emate aktiboa” izeneko fasearen bidez, funtsezko sektoreetako ordezkari ugarik Alonsotegiko lurraldeari buruz dituzten pertzepzioak jaso nahi dira. Ordezkari horiek modu berezian bizi, lagundu eta parte hartu dute, eta, beraz, lurraldearen edo lurraldeko elementu erabakigarri batzuen ezagutza sakona dute. Alonsotegiri buruzko planteamendu orokor eta prospektiboa egiteko hausnarketa bat egitea proposatzen da, Alonsotegiren beharrizan eta nahiei buruzkoa. Azken batean, eremuaren arazoen eta horien zergatien ikuspegi partikularra eta subjektiboa (bakoitzarena), eta nahi den edo amesten den lurraldearen definizioa.

 

 

Arlo ezberdinen ezagupen sakona dutenei beren-beregi dei egingo bazaie ere, guztiz deialdi irekia da, izan ere, herritar guztiak daude gonbidatuta parte hartzera.

 

 

Hausnarketarako abiapuntu gisa, dokumentu bat prestatu da, azpiko koadrotxo honetan sakatuta deskarga dezakezuna. Agiri horri erantzuna eman ahal izango diozu web-gune honetan bertan dagoen parte hartze-postontzitik.

GALDETEGIA
HIRIGINTZA-INFORMAZIOA ETA AURRETIKO DIAGNOSTIKOA
3. FASEA
UDAL PLAN OROKORRAREN AURRERAPEN-AGIRIA, ZIRRIBORRO DOKUMENTUA ETA HASIERAKO DOKUMENTU ESTRATEGIKOA (HDE) IDAZTEA

Fase hauetan hiritarren parte hartzeari dagokionez: lan-mahaiak egitea eta hirigintzari eta generoari buruzko berariazko tailer bat egitea aurreikusten da. Honekin,  Aurrerapen Agiriaren estrategia bideratuko duen diagnostiko partekatu bat lortzea dugu helburu.

 

 

Plan Orokorraren Aurrerapen-agiria edo Zirriborroa dokumentu bat da. Berorren bidez zehaztu nahi dira, batetik, Planaren egiturazko antolamenduaren aukera nagusiak eta, bestetik, helburu zehatzak eta horiek lortzeko erabiliko diren tresnen egokitasuna. Antolamendu Plan Orokorraren egitura nagusia definitzeko prozesu hau parte-hartzea bultzatzeko bokazioz sortu da. Definizio horretatik abiatuta, eta herritarrek onartzen dutela egiaztatu ondoren, idazketa-lanak egiten jarraitu ahal izango da, hasierako onarpen-faserako dokumentua osatze aldera.

 

 

Hasierako Dokumentu Estrategikoan, Alonsotegiko hiri- eta lurralde-ereduaren hainbat aukera baloratuko dira (arrazoizkoak eta teknikoak, eta ingurumenaren aldetik bideragarriak), eta Planaren Aurrerapen-agirian edo Zirriborroan garatzen den alternatiba hautatzea justifikatuko da. Plan Orokorraren Hasierako Dokumentu Estrategikoarekin eta Zirriborroarekin, administrazio autonomiko eskudunari eskatu ondoren, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arrunta hasiko da.

 

 

Behin Aurrerapen-agiria edo Zirriborroa eta haren Hasierako Dokumentu Estrategikoa onartuta, fitxategiak eskuragarri egongo dira kontsultatzeko eta deskargatzeko. Parte hartzeko postontzia erabilgarri egongo da kontsultak egiteko.

PARTE-HARTZE TXOSTENA
4. FASEA
HIRI-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRAREN AURRERAPEN-AGIRIAREN EDUKIAREN INGURUKO HERRITARREN PARTE-HARTZEA, ETA PLAN OROKORRA DEFINITZEKO IRIZPIDE ETA HELBURUAK EZARTZEA

Aurrerapen-agiria idatzi eta onartu ondoren, jendaurrean jarriko da. Publikoari eta erakundeei dei egingo zaie beren iritzia eman dezaten Planaren Aurrerapen-agiriari edo Zirriborroari buruz, herriaren garapenaren gainean dituzten asmoak, iradokizunak, proposamen alternatiboak edo osagarriak, kritikak edo zuzenketak eta, batez ere, herritarren eztabaida kolektiboari egindako ekarpenak azal ditzaten; horixe baita plana behin betiko idazten eta arrazionalizatzen laguntzeko modu egokia.

 

 

Herritarrak parte hartze saioetan parte hartzeko deituak izango dira.

 

 

Etapa hau banakako txosten tekniko/juridikoekin amaituko da. Txosten horietan, erredakzio-taldeak, udaleko zerbitzu teknikoekin koordinatuta, aurkeztutako iradokizunak eta alternatibak aztertzen ditu. Txosten horiek berariazko dokumentazio gisa txertatuko dira web-gune honetan.

 

 

Iradokizunak nola eta non aurkeztu behar diren jakin nahi izanez gero, web honen bidez jasoko duzu erantzuna. Txosten tekniko juridikoak gune honetan kontsultatuko dira. Prozesuak irauten duen bitartean, postontzia erabilgarri egongo da kontsultetarako.

 

 

Oraindik ere, euren iritziak emateko eta informazioa eskatzeko parte hartze postontzi bat izateaz gain, aurrez-aurreko arreta dute herritarrek.

5. FASEA
HIRI-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRA IDAZTEA

Agiri hau Plan Orokorraren atariko bertsioa da, baina osoa, indarrean dagoen Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legean zehazten den edukia jasotzen duena, hain zuzen ere, egiturazko hirigintza-antolamendua eta antolamendu xehatua bereizteari buruzkoak diren 53., 56., 61. eta 62. Artikuluetan ezarritakoa. Era berean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzek premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 31. Artikuluan ezarritako dokumentu-eskakizunak beteko ditu, Ingurumen-Ebaluazio Estrategikoa behar duten planetarako.

 

 

Ingurumen-azterlan Estrategikoa erantsiko zaio dokumentu tekniko honi, eta horrek aukera emango du ildo estrategiko posibleen ondorioak ezagutzeko, baita aukera horiek  alderatzeko, jarduketa gomendagarrienak hautatzeko, onartezinak direnak baztertzeko (halakorik badago) eta ingurumen eragin negatiboak onargarri egingo dituzten ingurumen-zuzenketak definitzeko ere. Ingurumen-azterlan Estrategikoak bete egin beharko ditu  ingurumen arloan eskumena duten Erkidegoko administrazioen txostenean  bete beharrekotzat jotzen diren zabaltasun-, xehetasun- eta zehaztasun-mailak (txosten hori ingurumen-izapide estrategikoa hasteko eskaerari erantzunez bidaliko dute administrazioek). Eranskin hauek izango ditu: Eragin Akustikoari buruzko Azterlana eta Iraunkortasun Energetikoari buruzko Azterlana.

 

 

Fase honetan, honako agiriak ere baloratuko dira: batetik, generoaren araberako eragina ebaluatzeko dokumentua; eta bestetik, planaren hizkuntza-inpaktua ebaluatzeko dokumentua.

 

 

Oraindik ere,  parte hartze postontzi bat dute, euren iritziak emateko eta informazioa eskatzeko

6. FASEA
HIRI-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRAREN HASIERAKO ONARPENA ETA HONEN EDUKIAREN INGURUKO HERRITARREN PARTE-HARTZEA

Aurreko fasean onartutako dokumentuak jendaurrean jarriko dira, interesdunek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Alegazio horiek kontuan hartu beharko dira, atzera botatzeko edo onartzeko. Horrek berekin ekarriko du alegazio horien sakoneko azterketa egitea, eta azterketa eta balorazio hori eragingo duen erabakia motibatzea eta arrazoitzea, hau da, erabat edo partzialki onartzea edo erabat edo partzialki baztertzea.

 

 

Hasierako Onarpenaren dokumentua azaltzeko eta kontrastatzeko ekitaldiak egingo dira.

 

 

Aurkeztutako alegazioei buruz idazle-taldeak egingo duen txostena dokumentazio espezifiko gisa txertatuko da web-gune honetan.

 

 

Eragindako interes publikoak kudeatzen dituzten administrazioen txostenak ere  dokumentu espezifiko modura erantsi beharko dira agiriotan.

 

 

Oraindik ere,  parte hartze postontzi bat dute, euren iritziak emateko eta informazioa eskatzeko.

7. FASEA
HIRIGINTZA-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRAREN BEHIN-BEHINEKO ONARTZEA

Fase honetan egokitu beharko dira Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako bertsioko dokumentuak eta Ingurumen Eraginaren Azterlana – eta, hala badagokio, azterlan osagarriak- informazio publikoko eta herritarren parte-hartze prozesuen emaitzetara, baita eragindako interes publikoak kudeatzen dituzten administrazioen nahitaezko txostenetara ere.

 

 

Doitutako dokumentazio hori, Udalak onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari bidaliko zaio, txostena egin dezan, eta ingurumen-organoari, ingurumen-adierazpen estrategikoa egin dezan.

8. FASEA ETA 9. FASEA
HIRIGINTZA-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRAREN BEHIN-BETIKO ONARTZEA ETA ADMINISTRAZIO-BIDEZKO ERREKURTSOAK

Hasierako onarpena jasotako bertsio horri Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenak ezarritako egokitzapenak aplikatuko zaizkio, baita Ingurumen Adierazpen Estrategikoan egindako proposamenak ere. Ondoren, Udalbatzaren esku jarriko da, behin betiko onar dezan. Kapitulu bat sartuko da, Plan Orokorrean ingurumenari lotutako puntuak zelan txertatu diren islatzeko.

 

Fase hau, barne-lanaren fase hutsa da. Hala ere, parte hartze postontzi bat dute oraindik, euren iritziak emateko eta informazioa eskatzeko.

 

Fase honetan, Administrazio-bidean dauden errekurtsoen txosten tekniko-juridikoak lantzen ariko gara.

 

Hiri-Antolamendu Plan Orokorraren inguruko hirigintza eta ingurumen legeari buruzko edukia argitaratu ondoren, eta administrazio bidean errekurtsoak jartzeko legez ezarritako epea amaitu ondoren, Planaren idazketa-talderi aurkeztutako errekurtsoak bidaliko zaizkio, hark haren edukiari buruzko txosten tekniko-juridikoa idatzi dezan.

KONTAKTUA

Parte hartzeko postontzia

    Mesedez, bidali zure iradokizunak hurrengo e-posta honetara: buzon@alonsotegiplanorokorra.eus